XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

44. artikulua.- Mendia zereginen baterako hartzea edo erabiltzea

1.- Salbuespenez, Foru Aldundiak Katalogoko mendiak hartzeko edo erabiltzeko baimena eman ahal izango du argindar edo komunikabide instalazioak eta isurkien eramaleak jartzeko nahiz herri eta gizarte intereseko bestelako erabileretarako, bai eta herrilan edo herri zerbitzuetarako, ur, mehatze edo bestelako kontzesio administratiboetarako, edota mendiari uztartutako interes pribatuko bestelako erabileretarako, esate baterako, erlauntzak, produktuak ateratzeko kableak eta horrelakoak jartzeko baldin bada.

2.- Eskatzaileei baimena emateko, gauzatu nahi den mendiaren hartze edo erabilera hori mendiak duen herri onurarekin bateragarria dela egiaztatzeko espedientea irekiko da, eta eskatzaileei eta entitate titularrari entzunak izateko hamabost eguneko epeak emango zaizkie hurrenez-hurren.

Baimena emateko derrigorrezkoa izango da entitate titularrak ontzat ematea.

3.- Baimenean, mendia harturik dagoen bitartean nola zaindu behar den eta amaieran nola lehengoratu behar den aipatuko da, eta hori bermatzeko sistemak jarri ahal izango dira.

45. artikulua.- Mendia hartzeko edo erabiltzeko baimena

1.- Mendia hartzeko edo erabiltzeko baimenak, baimenaren epea eta baldintzak jarriko ditu, onuradunak jabeari urtean ordaindu beharko dion kanona urtero kontsumo prezioen gehikuntza izango duena zehaztuko du, eta emandako baimena gainditu edo urratuz gero izango diren erantzukizunak aipatuko ditu.

2.- Mendia 30 urte baino gehiagorako hartu edo erabiltzekoa bada, urteko kanonaren ordez, balio justua ordainduko da, behin bakarrik eta kalteordain gisa.

3.- Kalteordaina kobratzeak ez du ekarriko hartutako zatiaren jabetza galtzea ez eta aitortua duen herri onura baliogabetzea.

Mendiaren titularra ez da kobratutakoa itzultzera behartua egongo, hartzealdia hartzailearen borondatez iraungitzen bada, baimeneko baldintzak ez betetzeagatik indargabetzen bada edo eman zen epea igarotzen bada.

46. artikulua.- Mendia herrilan edo herri zerbitzuren baterako hartzea

Mendia hartzeko edo erabiltzeko baimena herrilan, herri zerbitzu edo kontzesio administratibotik eratorritako iharduerarako eskatzen bada, baimena lan, zerbitzu edo kontzesio hori esleitzera baldintzatua dela ulertuko da beti.